domingo, 28 de diciembre de 2008

Akatu - Kateak (2008)

Iruñako taldearen bigarren diskoa entzuteko aukera dugu azkenean, denbora dexente itxaron ondoren kalean baita "Kateak".
Lan berri honetan soinuaren kalitatearen gorakada nabarmena izan da, baita produkzioarena ere, abestiei ikutu bortitzagoa emanez eta kolpe batetik bestera gogortasuna eta indarra handiagotuz. Diska osoa metal doinuen artean doa pausoka, behin edo behin pasarte rockero edo melodikoagoetan sartuz, baina gutxitan.
Nabarmena da ahotsen nahasketan eta produkzioan egindako lana, hainbat efektu erabiliz, hortaz aparte Ibai Iriartek ere erregistro aldaketako saiakerak egin ditu, gaur egun ohikoa den ahots melodikoaren eta ahots oihukatuaren arteko aldean; askotan ere koroetan aurkitu dezakegun aldea.

Diskoa salgai dago Euskal Herriko hainbat puntuetan, beraz ez duzue arazo askorik izango kopia bat lortzeko intentzioa badauzue.
Interneten aurkitu dezakezue GOR diskak konpainiaren web-gunean, baita doainik deskargatzeko link bat taldearen MySpace orrialdean: http://www.myspace.com/akatu
Bestalde, eskuan lortu nahi baduzu, taldeak kontzertuetan bertan erosteko aukera eskeintzen du. Hurrengo taberna hauetan ere aurkitu dezakezu:
· Animals (Burlata)
· Akelarre (Tx)
· Basajaun (Atarrabia)

· Akelamendi (Barañain)
· Herria (Berriozar)
· Toki Eder (Donibane)
· Edurne (Iturrama)
· Infernu taberna (Iruña)
· Ipar Gorri (Errotxapea)

Elein bilbotarren lehen lanaren grabaketa amaitzear dago

Musikaren munduan abiaduraren kontzeptu berezia dago. Batzuetan motela dena azkar baino azkarrago bihurtu daiteke bi egunetan. Kontzertuen martxa arina, aisialdi luzeak, abesti motzak, erritmo motelak.

Elein talde bilbotarraren azken hilabeteak luzeak izan dira benetan, euren lehen lanaren grabaketaren erritmoa motela eta etendura askoz beterik egon baita.
Abuztuan hasi ziren grabaketarekin erandioko Grabasonic estudioetan, uste baino beranduago baina inongo gogo apurrik galdu gabe.

Orain, urtearen bukaerarekin batera lanaren grabaketaren amaierarako garaia iritsi dela dirudi eta taldeak hemendik gutxira bidaliko ditu abestiak nahasketa eta produkzio lanak egiteko.
Goiz izan daiteke diska kaleratzeko data bat aurreratzeko baina taldeak erritmoa bizkortzea du helburu eta 2009. urtea luzaroan desiratutako opari batekin hasiko du.

Garbi dago bilbotar hauek ez dutela erritmoa berriz ere moteltzeko intentziorik eta lana kaleratzeko epea amaitzen den bitartean kontzertuei ekingo diote betiko martxa biziarekin.

Xikinkeiren lan berria aurrera doa

Ia urte erdia igaro da donostialdeko talde honek kontzertuak eskeintzeari utzi zioenetik, euren hurrengo lanari arreta eta denbora osoa eskeintzeko.
2007. urtean euren lehendabiziko oparia eskeini zuten "Mujmezonzite" titulupean eta oraintxe sortzen ari diren diska berria izango da aurreko aurkezpen-karta honen jarraipena.

Taldeak kontzertu mordoa eskeini du iada, 70 inguru eta ez bakarrik Euskal Herriko bazter gutzietan, baita Katalunia edo Europan ere. Aurten Suitza eta Alemanian izan dira euren musika zabaltzen.
2008. urteko Gatze Topagunean aritu ziren Latzen eta Etsaiak taldeekin batera.

Taldeari buruzko informazio geio nahi izan ezkero, hemen uzten dizuet "SutanBlai"en izan zuten agerraldiaren bideoa ikusteko linka: http://www.sutanblai.com/ata_edukia.php?id_edukia=525

domingo, 21 de diciembre de 2008

7. gau multimusikala


2002. urtean presa eta estutasunez hasitako proiektua izan zen Lasarte-Oriako gau multimusikala, Toxrimalo taldeak maisuki antolatutakoa. Musika, dantza, graffitia eta bestelako espresio kultural bateratu osatzen dute ekimen hau eta geroztik urtero errepikatu da; aurten zazpigarren aldia izango da.

Aurtengo agendak goizeko 11.30etan emango die hasiera lehendabiziko jarduerei (Umeentzako musikaeskola, graffitiak, 2.eskuko arropa azoka...) eta egun osoan zehar hainbat ekintzekin jarraituko dute jaia lehendabiziko kontzertuak arratsaldeko 16:00etan hasita.
Aurten zuzenean entzungai izango ditugu inguruko talde asko, haien artean: Apurka, Skatu, Hurto, Yaw, Detritos, Ostikua potrotan...

Hona hemen egitaraua bere osotasunean:
  • 11:30etan kaleko gunearen, karparen irekiera.
    • Umeentzat musikeskola
    • Djak musika jartzen (NAKEN, ALAIN)
    • Graffitiei hasera eman (OJO DE KUERVO, FRIK, RAGE?)
    • Herri azoka, tabernaren irekiera, 2. eskuko arropa azoka
  • 13:30etan MANIKALEJIRA zaratatsua KULTURA LUXU BADA BIZITZEA DELITU! SORKUNTZA BETI ASKE!! Batukada
  • 14:30etan HERRI BAZKARIA Paella, haragi gixatua
  • 16:00etan Kontzertua: APURKA
  • 17:30etan Batukada Jalgira arte eta kontzertuei irekiera eman:
  • 17:30etan JALGIn SORTUZ, YAW, GARAGARDO GURA
  • 18:00etan SUSTRAIn DETRITOS , FREE BIRDS
  • 18:30etan Karpan- BERTSO-RAP saioa, 121 crew + Muñoa + Silveira?
  • 19:00etan XIRIMIRIn- TXAKURRAK, OSTIKUA POTROTAN, GARGANTAS DESGARRADAS
  • 19:30etan OBELIXen- THE LAST STRENGH + THE CRACKERS+MANU
  • 20:00etan UDABERRIn- TUESTATE DE TRANKS + lagunak
  • 20:00etan ARTIZARen GAUEKO ITZALAK AKUSTIKOA
  • Arratsalde osoan zehar ILARGI tabernan BAD SOUND SYSTEM
  • 20:30etatik aurrera karpan DJ-a,( NAKEN, ALAIN) otartekoak, barra, taldeen soinu frogak
  • 23:00etan KARPAN GAUEKO KONZERTUA
    • MUSIKBERBENA
    • HURTO
    • SKATU + Alain GRASSMAN 4:00ak arte
  • Jalgin gau osoan zehar HARITZ SOUND SYSTEM
Hurengo egunean (abenduaren 28an) kontzertu bat eskeiniko digute Maukulu ken, Joxpa eta Lauburu taldeek arratsaldeko 18:00etan.

Musika independentearen ibilbideak ez du etenik

Fragment Music estatu mailan presentzia handia duen entitate independentea da, taldeen disketxe bezala aritzen dena batez ere (Fragment records) eta baita distribuzio-talde edo promotore moduan hainbat kasuetan. Hardcore musikaren inguruan sortu zen Donostiako talde baten sustraietatik (Alarma social), geroztik handituz joan da, 1993. urtetik egunera.

Hurrengo astean zehar, 2009. urteko proiektuen itxura zabala eskeintzeko asmoz, disketxearen izenpean aritzen diren hainbat taldeen kontzertuak ospatuko dira Euskal Herriko zenbait puntutan, Fragment recordsen errekopilazio berria aurkezteko.
Abenduaren 23an Gasteizen, 26an Portugaleten eta 27an Beasainen izango dira ekitaldiak.

Euskal herriko hardcore eta punk eszenako hainbat talde aurkituko ditugu kartelaren barnean eta baita estatuko beste hainbat puntutatik ateratako taldeak ere, bakoitzak hurrengo astean zehar, araba, bizkaia eta gipuzkoako herri ezberdinetan jotzen.

Hona hemen informazio detailatua (Kartelean kilk eginez ampliatu daiteke egokiago ikusteko):

Krilin taldea estudioan berriz ere

Musika talde baten aktibotasuna ez da soilik neurtzen eskeinitako kontzertuen arabera, badaude hainbat faktore musikarien energia eta dinamismoaren emaitzetan. Faktore horien barnean estudioko grabaketak kontutan hartu beharko genituzke.

Krilin taldeak 4 urte daramatza eszenatokietan eta iada badute grabaketa katalogo zabal eta landua. Egunerarte bi demo eta maketa bat argitaratu dituzte eta hilabete honetan euren hurrengo lanerako grabaketak egiteko asmoz sartu dira estudiora.
Taldearen kontzertuen erritmoa moteldu egin da abestiak konposatzeko denbora hartu bait dute eta baita estudioan egin beharreko grabaketa eta lanetarako, baina Krilin beti izan da zuzeneko taldea; askotan 2 edo 3 kontzertuko martxa jarraitu dute hilabetero.

Zain egongo gara donostiarren hurrengo lana entzuteko eguna iritsi arte, talde honek ezusteak gogoko bait ditu eta euren ibilaldian estiloaren barneko aldaketa asko egin dituzte.

domingo, 14 de diciembre de 2008

Dimebag Darrell metaleroen gogoan

Irungo Tunk! aretoaren programazioaren ezaugarri nabarienetako bat metal musika izan da azken urteetan, izan ere, aretoaren ardunadunen gehiengoa musika estilo horren jarraitzaile sutsua da.
Hurrengo larunbatean, abenduaren 20ean, metal musikaren pertsonai famatuenetarikoa izan zen Dimebag Darrelli omenezko kontzertu bat eskeiniko diote hainbat musikari euskaldunek, Irungo aretoan bertan.

Dimebag Darrell Pantera metal taldearen kitarjolea izan zen, baita Damageplan taldearena ere. Azken talde honekin kontzertu bat eskeintzen ari zenean, gaixo-mental bat eszenatokira igo zen eta tiro egin zion buruan hiru aldiz, Dimebag momentuan bertan hil zen.

Metalaren mito honen omenaldian hainbat musikari euskaldun arituko dira, denak metalaren munduan ibilitakoak. Ekitaldia gaueko 23:00tan hasiko da eta sarreraren prezioa ez da oraindik ezagutzera eman.

Bilboko Antzokian iraultza gertatu da

Bibotar askok hitz egin zuten larunbatean ospatuko zen kontzertuari buruz aurreko astean, haietako askok The (International) Noise Conspiracy taldea "neketsu" eta "aspergarri" bezalako hitzekin deskribatuz.
Talde suediar honek kontzertu bat eskeini zuen Bilboko Kafe Antzokian urte honetako abuztuan, Bilboko aste nagusirako egituratu zuten programaren barnean. Egun hartan antzokia topera bete zen, jendez gainezka. Suediarrek 2007an Bilbao BBK live festibalean jo zuten ere, Kobetamendin baliatutako eszenatokian.

Honengatik bilbotar askok "neketsu" deitu zioten The (International) Noise Conspiracyri abenduaren 13an bueltatuko zirela jakin zenean.
Iritziak baztertuz, suediarrek ekitaldi bikaina eskeini zuten atzo gauean, publikoaren gehiengoa txundituta utzi bait zuten eta entzuleek irribarreak jantzita egin zuten alde antzokitik.

Dennis Lyxzen abeslariaren akrobazia eta dantzek ikuslegoaren txaloak lortu zituzten, izan ere, frontman oso karismatikoa da eta berehala lortzen du konexio berezi bat bere publikoarekin.
Beste taldekideak kalitate handia erakutsi zuten euren paperetan, etengabe mugituz eta jendeari dantza egiteko gogoa eraginez Capitalism stole my virginity edo Black Mask bezalako abestiekin.

Garage Rock talde suediar honek The cross of my calling diska berria aurkezten zuen antzokian. Lan berri honen soinuak motelagoak dira, soul ikutu txiki batekin margotuta agertzen dira batzuetan eta orokorrean abestiek agresibitate puntutxo txiki bat galdu dute melodiei goxotasun pixka bat gehituz. Hala ere, taldearen mezu anarko-komunista ez da aldatu eta estatuaren eta ekonomia kapitalistaren aurkako garrasiak mantentzen dituzte euren letra eta doinuetan.

Atzo, Kafe Antzokian iraultza gertatu zela esan dezakegu.

Agur esateko garaia

Badago Ondarru aldean rock doinuen inguruan ibilaldi luzea egin duen talde gazte bat. Rockaren planteamendutik eklektikotasunera bideko bost urteko bidai luzea.
Arbaso ondarrutarrek euren azkeneko kontzertua eskeiniko dute abenduaren 20ean Ondarruko Kafe Antzokian Astigarragako Bisai taldeak lagunduta.

Bi talde hauen bideek topo egin zuten Euskadi irratiko maketa lehiaketan; Bisai entzuleen sariaren irabazle suertatu zenean era berean Arbasok bigarren postua lortzen zuen. Geroztik askotan jo dute elkarrekin Euskal Herriko leku askotan baina azkenengo topaketa hil honen 20ean izango da.

Arbasok agur esango dio musika eszenari eta bere entzule guztiei, hoberen egiten dutena oparituta, barnetik ateratzen duten musika.

domingo, 7 de diciembre de 2008

Mogambon etenik ez dago

Ohi den moduan, Trintxerpeko Mogambo Aretoak kontzertu bat eskeini zigun atzo gauean.
Urteak eta urteak daramatza azkuene kaleko lokal zaharrak asteroko musika emanaldiak aurrera eramaten, inguruko talde xumeei euren doinuak ezagutzera emateko helburuarekin eta atzerritik datozen musikariei gurean probatzeko aukera emanez.

Atzoko jaialdia, Defoe oiartzundarrek ireki zuten garrasiz beteriko metal estiloko abesti eraginkorrekin. Taldekideen adinari begira, meritoa onartu behar zaie musikari hauei, gogor eta gogoz ekiten bait diote akorde, kolpe eta nota bakoitzari.

Segidan, gaueko hamaikak aldera, bizkaitarren txanda iritsi zen; Dazein izeneko bilbotarrak.
Teknikoki maisutasun handia agertu zuten hiru musikariek, publikoaren gehiengoa liluratuta gelditu zen abiadurarekin eta nota bakoitza behar zen momentuan jotzeko zuten gaitasunarekin.
Aipatzekoa da, taldeak CD formatuan grabatutako maketak ekarri zituela doainik eskuratzeko; gaur egun honelako ekimenak oso garrantzitsuak bait dira gure musika munduan.

Festa amaitzeko donostialdean iada esperientzia baduen talde batekin gozatu genuen, hain zuzen ere euren lehen CDa kaleratzear dauden Yaw easotarrak.
Ohitu gaituzte kontzertu onak gozatzera eta atzokoan ez zen salbuespenik izan; ederki jo zuten, publikoari eskatzen zuena esekiniz eta haiek ere gozatu egin zuten.
Kontzertuaren erdialdean "Epitaph" abestia aste honetan hildako Mikel Laboari eskeini zioten.

Beraz, gau bikaina guztion etxea den Mogambon; metal doinuak horma guztietatik gora eta behera, eta guri gehien axola digun gauza, gure inguruko musika astebururo leku txiki bat izatea.

sábado, 6 de diciembre de 2008

Durango euskal musikaren erdigune berriz ere

Urtero gertatzen den moduan Durango euskal musika eta literaturaren gune garrantzitsuena bilakatu da abenduaren lehen egun hauetan.
Euskal musika eszenaren barneko talde ospetsuenek leku berezia dute durangoko azokan, eta hein txikiago batean gure herrialdeko talde txikiagoek baita ere.

Aurtengo ekitaldi eta kontzertuetan hainbat artista euskaldun izango ditugu entzungai, aipatzekoa da gaur gauean Gatibu talde bizkaitarrak eskeiniko duen kontzertua.
Ekitaldia Plateruena kafe antzokian ospatuko da gaueko 22.30tan eta sarrerak 7€ren truk lortu daitezke.
Atzo Kauta talde ospetsua izan zen Durangoko kafe antzoki honetan, espero zen jende mordoarekin noski. Bihar, berriz ere Iparraldeko kantarien kontzertu bat izango da bertan.

Adi egon eta bisita ezazu azoka, gure kulturaren erdigunea bait da asteburu honetan.

lunes, 1 de diciembre de 2008

Mikel Laboa artista euskalduna zendu da


Gaur goizean euskal musikak albiste tristea jaso du; Mikel Laboa musikaria hil da 74 urte zituela.
Azkenaldian, osasunez nahiko makal ibili izan zen eta horrek bizitza publikotik aldenduta eduki du musikaria, nahiz eta abenduaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman behar zion bere ibilbidearengatik.

Mikel Laboaren heriotza albiste tristea da euskal musikaren sektore guztientzako, oso artista esanguratsua izan bait da eta euskal musika berriaren buru nagusia gainera. Musikarekin batera, euskal hizkuntzari bultzada handia eman zion eta euskal kantagintza tradizionalari ekin zion askotan, baita musika moderno eta esperimentalagoari ere Lekeitioak izeneko lanekin.

Zahar eta gazteengan izan duen eragina aipatzekoa da eta euskal musikari utzi dion ondarea urteetan eta mendeetan zehar iraungo du gure kulturan.
Milesker Mikel.
Artista betiko dirau bihotzean.

domingo, 30 de noviembre de 2008

Punk-Rock eta Ska gaua Azkena aretoan

Berriz ere, atzerritik etorritako taldeek erakutsi zuten gure eszenan zeresanik badutela.
Atzo gauean, Less Than Jake eta Guttermouth amerikarrek kontzertu bikaina eskeini zuten Bilboko Azkena aretoan, ikus-entzule mordoaren aurrean.

Gaua Adrenalized donostiarrekin hasi zen. Euskal herriko hardore melodikoaren indarra islatzen du talde honek eta batez ere estilo honen ezaugarri nagusiak diren abiadura eta teknikotasuna dute arma moduan. Ekitaldi bikaina eskeini zuten, nahiz eta aurreko bi gauetako nekeak arrastaka eraman, baina publikoak ez zuen akatsik nabaritu.

Segidan Guttermouth kaliforniarrak hartu zuten lekukoa eta hasieratik erakutsi zituzten haien kartak. Ironiaz eta abesi satirikoez beteriko letrak, Marc abeslariaren dantza eta keinuetan sumatzen ziren, eta gutxi balitz, publikoarekin brometan pasa zuen ekitaldi osoa. Musika aldetik benetan azkar ibili ziren baina inongo hankasartzerik egin gabe, profesionaltasunez eta Punk-Rockak duen energia guztia eskeiniz.

Gaueko hamaikak pasata, Floridakoak agertu ziren publikoak "Less Than Jake! Less Than Jake!" ohiuka deitzen zituzten bitartean. Ziztu bizian "All my best friends are metalheads" abesti ospetsuarekin eman zioten hasiera kontzertuari eta Azkena aretoaren hormek dar-dar egin zuten. Aretoa benetan beteta zegoen (gauza nahiko erraza lokalaren dimentsioak kontuan hartuta), eta arnas hartzea zaila egiten zen momentu animatuenetan.

Benetan gau dibertigarria izan zen eta 90ko hamarkadako punk-rock eta skacore mitikoaren doinu asko entzuteko aukera izan zuten generoaren jarraitzaile sutsuek.
Garrantzitsua da honelako ekimenek arrakasta lortzea, gure eszena kolorez betetzen baitute.

sábado, 29 de noviembre de 2008

Atzerritik etorritako ustekabe atseginak

Askotan hitz egiten dugu Euskal Herriko musika-eszenari buruz pozik eta gure taldeekin harro, baina gure eszena ez litzateke den bezala izango atzerritik etorritako lagun eta eraginen laguntza gabe.

Aurreko ostegunean Tiny y Son alemaniarrak gerturatu ziren bilboko La Draga kafe-antzokira, bertako hardcore melodikoaren banderadun Playground taldea telonero moduan ibili zelarik.
Sarrera doainik izatea, publikoaren gerturatzea bultzatu zuen taldeen fama alde batera utzita eta eskertzekoa da honelako ekimenak musu-truk antolatzea, denok bait dakigu honelako kontzertuak aurrera eramatea ez dela gauza makala.

Publikoaren zati handia Playground gazteen jarraitzaile edo lagunek osatzen zuten eta gehiengoak ez zuen Tiny y Son taldearen estiloaren berri handirik.
Bilbotarrek euren lana ederki egin zuten; betiko kantuak jo zituzten bi abesti berrirekin apainduta eta entzulegoa kaña gehiagoren zain utzi zuten.
Eta hantxe bertan hasi zen espektakulua. Alemaniarrak energia piloarekin atera ziren jotzera eta lehenengo minututik garbi utzi zuten ez zutela geldialdirik egiteko inongo asmorik (izan ere, ordutegiak direla eta, kafe-antzokiak kontzertuak bukatzeko ordu-muga bat jarri beharra du).
Niedersachsenekoek hardcore melodikoko show bikaina eskeini zuten, behinik-behin metal soinuren bat itsatsiz euren errepertoriora.

Publikoa orokorrean, biziki pozik atera zen La Dragatik eta alemaniarrak ere euren poztasuna agertu zuten, "baliteke hurrengo udaberriko giran berriz ere Bilbotik pasatzea, ikusiko dugu nola doazen gauzak" aipatu zuen Simon baxujoleak.
Seguruenik bilbotarrek pozik hartuko dute taldearen hurrengo bisitaren berria; honek adierazten du honelako harremanak onuragarriak surtatzen direla euskal musika-eszenarentzako, bai euskal taldeei aukerak handiagotzeko eta baita gure eszenaren barnean dugun eskaintza zabaltzeko ere.

Jaurlaritzak Kepa Junkerari emango dion dirulaguntza «iraingarria» dela salatu dute hainbat euskal musikariek

Lakuako Gobernuak 702.000 euro emango dizkio Kepa Junkera trikitilariari «kulturen arteko harremanak eta euskal musika hedatu eta berritzeko». Proiektu honen aurrekontuaren barnean, hiru diskoen produkzio eta grabazioa aipatzen dira eta baita diska hauen hedapena Euskal Herritik kanpo kulturarteko harremanak sendotzeko asmoz.

Albiste honek iskanbila handia sortu du Euskal Herriko musikari famatu askoren artean. Musikariek manifestu bat sinatu dute bertan jaurlaritzak onartutako dirulaguntzaren erabakia «iraingarria» dela adieraziz. Izan ere, eskeinitako dirulaguntza "Euskadiko Soinuak" proiektuak jasotzen duenaren hirukoitza da; proiektu hau euskal musikaren panorama osatzen duten ekimen askori bideratutako laguntza da.

Manifestua sinatu duten musikarien artean, izen ospetsu eta garrantzizkoak aurkitzen ditugu, hala nola: Txomin Artola, Joseba Tapia, Ruper Ordorika, Jabier eta Fermin Muguruza anaiak, Gontzal Mendibil edota Berri Txarrak eta Ken Zazpi musika taldeak.


Albistearen informazioa hainbat egunkarien web-orrialdeetan:
Berria
Gara
El diario vasco
Noticias de Álava

jueves, 20 de noviembre de 2008

Euskal taldeak Galiziara doaz

Euskal Herrian dugun maila musikal handia kontutan izanik eta musika elkarte eta taldeen arteko harremanak direla medio ez da harritzekoa DevidChild Records-ek Abenduaren lehen asterako antolatu duen festibala. Bertan penintsula osoko hainbat taldeek hartuko dute parte eta haien artean NaizRoxa sanpedrotarrak eta Trigger Travis donostiarrak aurkitzen ditugu.

NaizRoxa 2005. urtean jaio zen taldea da, esperientzia handiko lau musikari Pasaiako lokal batean elkartu zirenean, haien artean Matxet (Ahotsa, teklatuak) Jousilouli talde arrakastatsu eta iskanbilatsuan izandakoa.
NaizRoxaren estiloa zaila da etiketatzen, Grindcore, Metal, Thrash eta hainbat estilo aipatu ditzazkegu haiei buruz hitz egitean baina labur geldituko zen talde honen estiloaren definizioa.
Oso talde eklektikoa da, aipatzekoa da Mikel Laboaren kolaborazioa izan zutela aurten kaleratutako diskaren intro eta outroetan.

Trigger Travis bestalde, amaitutako proiektu ezberdinetatik etorritako musikarien ideia berria izan zen; Noa1084, Uncover the fake, The new mogambo old school stars, Sophrosyne, Toxika, Ira et decesus eta honelako taldeen errautsetatik berpiztutako fenix gaztea.
2006. urtean hasi zen donostiar hauen ibilaldia eta aurtengo kontzertuak izan dira probetxu handienekoak, adibide bat jartzearren, Donostiako Pirata Lehiaketaren Irabazle agertu ziren urte honetako ekainean.

Gipuzkoatik ateratako bi talde hauek, Galiziarako bidea hartuko dute abenduan, Euskal Herriko eszena musikalean zer eskeini daitekeen adierazteko eta talde lokalen kalitatea ezinhobea dela erakusteko. Seguru ez dutela entzulego galiziarraren txisturik jasan beharko.

miércoles, 19 de noviembre de 2008

Zuzenean grabatutako bi abesti entzungai jarri ditu InoizEz taldeak


Aurreko larunbateko kontzertuaren arrakastaren ondoren, InoizEz Hondarribiarrek ekitaldian grabatutako bi abesti jarri dituzte entzungai.

Hemendik gutxira kaleratuko duten maketari ibilbidea irekitzeko, Eszenatokia eta No future izendatutako abestiak zintzilikatu dituzte euren MySpace orrialdean, interesatuta dagoen edozein entzun dezan zer nolako rock experimentala egin dezakeen bidasoaldeko laukote honek.

Taldearen doinuak estilo ezberdinen inguruan mugitzen dira, batzuetan rock edo hardcorearen intentsitatean edota metalaren potentzian eta besteetan doinu alternatibo eta garbiagoetan, dena experimentazio kutsu txiki batez margoturik.

Aipatutako bi abestiak hurrengo link honetan dituzue entzungai: Klik hemen

Ormaiztegiko festak euskal taldeek girotuko dituzte

Ostirala iristeko gogoak baretzen diren bitartean goazen asteburu honetako kontzertu nagusietako bat aipatzera. Azaroaren 21, ostirala, Ormaiztegiko festak ospatzen direlarik, Harrika, Yaw eta Sus Scrofa taldeek musika eskeiniko digute giroa berotzeko asmotan.

Harrika trintxerpearrek badute eskarmentua musikaren munduan. 2002. urtean sortu zen taldea eta geroztik ibili dira bizilagunak molestatzen; maketa bakarra eta euren lehendabiziko diska dute kalean, taldearen lanaren emaitzak nolakoak diren adierazteko.

Sus Scrofa berriz, talde gazte-gaztea da, 2007an hasitakoa. Dantzatzeko moduko Punk and Rolla jotzen dute eta gogo biziz gainera. Seguraski badute asko esateko eta oparitzeko Durangoko gazte hauek.

Eta Yaw donostiarrak bestalde, iada talde heldua osatzen dute nahiz eta 2006. urtean jaio izan. Aurtengo azken hilabeteetarako kontzertu mordoa dute agendan sartuta eta lehendabiziko diska ere kaleratzeko pil-pilean, momentu batetik bestera plazaratuko bait dute.

Ostiralean Ormaiztegin dastatuko denaren lehen pusketa bat eskeintzeko asmotan, hemen uzten dizuet Harrika taldearen bideoklip bat; gozatu!

domingo, 16 de noviembre de 2008

Lekukoak vs Atzerritarrak

Azaroaren lehenengo hamabostaldia kontzertuz gainezka pasa dugu eta bigarrenak ezin zuen listoia jeisten utzi, beraz datorren asteburuan kontzertu benetan interesgarriak eskeiniko dizkigute lekuko hainbat taldeek.

Lehenik, Azaroaren 28an bilboko Playground taldea izango dugu Barakaldoko Edaska aretoan, haiekin batera Tiny-y-son alemaniarrak izango dira festa girotzen.
Bigarrenik, Less than Jake eta Gutermouth punk-rock talde amerikar ospetsuek bisitatuko dute bizakiko hiriburua larunbatean (azaroaren 29an) eta donostiako hardcore melodikoko talderik onena izango dute kartelkide bezala: Adrenalized.

Bi kontzertu hauek, talde lokalak eta atzerritarrak nahasten dituzte bai hemengo musikariei bultzada garrantzitsua emateko eta baita euskal herriko publikoari talde atzerritarren maisutasunaren gozamena oparitzeko.
Gauza bakarra gelditzen zaigu, bi kontzertu horietara gerturatzea eta irabazlea nor izan den erabakitzea: Lekukoak ala Atzerritarrak.

Kontzertuei buruzko informazio guztia:

Azaroaren 28a, ostirala
TINY-Y-SON + PLAYGROUND
Edaska aretoa (Barakaldo)
21:00tan - Sarrera dohainik

Azaroaren 29a, larunbata
LESS THAN JAKE + GUTTERMOUTH + ADRENALIZED
Azkena aretoa (Bilbo)
20:30tan - 15/17€

Berri Txarrak badu baxujole berria

Lekunberrikoek lortu dute musikari berri bat euren diska berriko abestiak idazten dauden bitartean, David Gonzalez izenekoa eta Cobra edo PiLT taldeetan aritutakoa.

Mikel Lopez "Rubio" musikariak taldea utzi zuen aurreko udan eta geroztik talde euskalduna baxujole berri baten bila ibili da priektu berriak aurrera eramateko.

Berri Txarrak-ek DVD bat kaleratu zuen 2007.ko gabonetan "Zertarako amestu" titulupean eta iada milaka kopia saldu dira. Orain diska berri baten bila dabiltza abesti eta doinuak sortzen eta abentura hontarako Daviden esperientzia izango dute.

Taldeak, bere web orrialdearen bidez eskerrak eman dizkio baxujole izateko frogetara agertu diren guztiei eta euren burua haiekin jotzeko prest azaldu duten musikari guztiei.

Agur Urkori, kaixo maketari

Atzo gauean Hondarribiko Psilocybe areto berrian Inoizez talde gazteak kontzertu bat eskeini zuen Deabruak Teilatuetan talde ospetsuarekin batera.
Ekitaldi berezia izan zen, taldeko baxujolearen azken kontzertua zelako, baxujole berri bati leku librea utziko bait dio orain taldea lehen maketa kaleratzear dagoela.

Urko Sarasola hondarribiarra urte bat zeraman Inoizez-en baxua jotzen; aurretik ere Komando Korrokon taldean ibilita geroago Inoizez osatu zuten musikariekin. Hurrengo Otsailean Berlinera joango da lan egitera eta taldeak baxujole berriaren bilaketari ekin zion, Urkok utziko zuen hutsunea ahalik eta hoberen betetzeko.

Taldearen doinuak emozio kutsu handia dute, inondik ere potentzia eta indarra galduz eta atzoko ekitaldiaren berezitasunak emoizoz eta sentimenduz bete zuen Psilocybe aretoa.
Soinu aldetik lan bikaina egin zuten bai musikariek eta bai soinu teknikariek, aipatzekoa da ere berri-berria den aretoaren soinu baldintzak oso onak direla.
Kontzertua bukatzear zegoenean, pasatako garaiak egunera ekartzeko, taldeak Komando Korrokonen abesti bat jo zuen beren aurreko abeslariarekin.

Inoizez-en lehendabiziko maketaren grabaketa iada bukatzear dago eta laister izango da salgai edota dohainik deskargatzeko interneteko bazter askotan. Urkoren azkeneko notak gordetzen ditu lan honek baina seguraski baxujole bikain honek ez duela musikaren munduan hutsunerik utziko, gogoa piztuta badu han egongo baita bere orroa.

domingo, 9 de noviembre de 2008

Haize berriak gipuzkoatik

Azkenaldian gipuzkoako txoko gehienak rock indartsu edo gogorrez bete dira, metaletik geroz eta gertuago. Asteburu gehienetan doinu ilun edo energikoz margotzen dira taberna edo gaztetxeetako hormak.
Baina metal eszenaren gorakadaren erdian, badira talde berri-berriak estilo ezberdinei eusten. Horietako bat Thanks to losers deitzen da, Irun eta Astigarraga tarteko kideez osaturik eta Hardcore melodikoaren inguruan mugitzen dira euren kantuak.

Talde sortu berria da, beste taldeetan aritutako musikariek osatzen dutena. Iban, Bisai taldeko abeslari eta kitrajole dena, baterijole moduan aritzen da proiektu berri honetan; Mustard-ek aldiz, Neutral Kick talde irundarran egondakoa, kitarra jotzen du; Sainz Thanks to losers-en baxua jo arren, Krilin eta Escribe normal taldeetako kitarjolea da eta Gari, dReza taldean aritu zena, abeslari moduan aritzen da kitarra jotzen duen bitartean.

Hemendik 3 asteetara edo, euren lehendabiziko kontzertua eskeintzeko asmoa dute eta iada MySpacen abesti berri bat jarri dute entzungai.
Seguruenik talde berri honek asko dauka esateko eta kontatzeko.
Belarriak ongi ireki beharko ditugu abendutik aurrera.

Musikagida '09

Gaztesarea.net orrialdearen Musikale sekzioa, Euskal Herriko taldeen informazioaren bilduma bat argitaratzeko ideia ari da aurrera eramaten eta horretarako, urrian zehar, euskal musikariei musika-gida honetan partehartzeko formulario bat betetzea eskatu die.
Ez dago estiloaren aldeko murrizketarik, MusikaGida edozein musika motara irekita dago: Rocka, Metala, Folka, Punka, Trikitrixa, Ska, Reggaea, etab...
Hasieran epea azaroaren 1ean bukatzen zen, baina azaroaren 10eraino luzatzea erabaki dute azken orduko taldeei parte hartzeko aukera emateko.
Link honetan erregistratu dezakezu zure taldea Euskal Herriko edozein txokotan entsaiatzen baduzue, beraz, denborarik ez galdu eta apuntatu zaitez 2009ko MusikaGidara.

jueves, 6 de noviembre de 2008

Donostialdeko taldeak Andoainen

Bihar, azaroaren 7, ostirala, donostialdeko lau talderen kontzertu bikaina ospatuko da andoaingo gaztetxean. Musika 20:30etan hasiko da eta kontzertuen ostean rock musika jarriko duen DJ bat izango da.

Metal, Rock eta Hardcore-aren inguruko musika esekeiniko dute Yaw, Krilin, Raizdx (Donostia) eta Cohen (Urnieta) taldeek; guzti hauek esperientzia nahikoa dute zuzeneko musikan.
Yaw talde gazteena da eta hemendik hilabete batera bere lehenengo diska kaleratuko du. Krilin taldeko partaideak berriz, urte asko daramatzate musika munduan eta estilo aldetik historia luzea badute iada. Raizdx laukoteak bere baxujolearen azkeneko kontzertua eskeiniko du bihar, musikari berriarekin hasi baino lehen. Eta Cohen urnietarrak bestalde, urteko azken kontzertua emango dute, diska berri baten grabaketan zentratzea erabaki bait dute.

Sarrera 3€tan jarri dute antolatzaileek, prezio ezinhobea biharko gauerako kartela ikusita.
Aprobetxa ezazu aukera eta lau talde hauekin pasazazu ostiral gaua.

sábado, 1 de noviembre de 2008

Asetu gosea eta gozatu musikaz Lakaxitan


Gaurko arratsalde eguzkitsurako plan ederra antolatu dute Irungo Lakaxita Gaztetxeko arduradunek.
Kartelean ikusi dezakezuten bezala, 14:00tan bazkaria izango da ohi den moduan eta ondoren proiekzioren bat. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da barbakoa bertaratzen diren guztiontzat eta 21:00etatik aurrera, gaua iada hasita, Bloodseekers hondarribiarren punk-rock kontzertu bat eta gaua amaitzeko DJ Leku eta DJ Enanoren saioa.
Bidasoaldeko jende guztiarentzako plan ederra, bai sabelak betetzeko eta belarriak konten edukitzeko.

Cordura bilbotarrak gaur Aurki tabernan

Bilboko gaua girotzeko prest?
Arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Cordura (Bilbo), Interlude (Zaragoza) eta Git Some (Denver, AEBak) izango dira Bilboko Aurki tabernan Rock, Hardcore eta Punkaren inguruko doinuak jotzen.

Cordura taldea Bilboko hardcore eszenako erreferente indartsuenetarikoena da, izan ere euren aktibotasunak eta eskeintzen duten musikaren emozio, ideal eta mezuen zamak jendearengan eragin zuzena eta berehalakoa izaten du.
2006. urtean lehen diska kaleratu zuten Fragment Records disketxe independentearekin, La ridicula mecánica de la vida moderna titulupean eta honek bultzatu zuen taldearen igoera.

Gaur gauean euren musika oparituko duten genierako bi taldeek ere karrera interesgarria dute euren atzean; batez ere Git Some amerikarrak Planes Mistaken For Stars taldearen errautsetatik sortutakoak.
Galduko al duzu hiru talde hauekin gozatzeko aukera?

viernes, 31 de octubre de 2008

Halloween gaua Mogambon


Gaur gauean, Halloween festaren agenda loditzeko, Mogambo aretoak kontzertuak eskeiniko ditu 21:30etatik aurrera.
Honako honetan, Gamora (Oiartzun), Desoreka (Lezo) eta Nunnery (Bartzelona) taldeak izango dira gaua girotuko dutenak, Metal eta Rock arteko doinuak nagusi izango direlarik.
Mogambo aretoa, Trintxerpen kokatuta, gipuzkoako areto aktiboenetarikoena da, astero kontzertu ezberdinak eskeiniz eta euskadi, espainia eta atzerriko mailako talde askorekin lan eginez.
Esan bezala, plan bat gehitzen dugu Halloween gauerako, donostialdeko metal eta rock zale guztientzako bereziki prestatuta.

lunes, 27 de octubre de 2008

Yaw taldearen abesti berria MySpacen

Urtea bukatu baino lehen, donostiko Yaw taldeak bere lehendabiziko diskoa aurkeztuko du Truman Burbank titulupean. Diska euren kontzertuetan salgai izango dute 5 euroren truke, baita taldearen kamisetak ere.Lehen lan honen aurrerapen bat igo dute taldekideek euren MySpacera, "Thanatox" izeneko abesti indartsu eta bizia.
Egon hadi hurrengo berrietara, hemendik gutxira diska osoa dastatu ahalko duzu zure etxeko stereoan.

Abestia hurrengo link honetan entzungai: www.myspace.com/yawband

domingo, 26 de octubre de 2008

Halloween Fest deustuko gazte lokalean


Urriaren bukaera iristear dago eta urtero bezala, Halloween festa ospatzeko egunerako plan askorik ez dago (izan ere, festa amerikar bat da eta ez du euskal kulturaren festekin inongo zerikusirik).


Hala ere, aurten, Bilbo inguruko jendearentzako plan interesgarria antolatu dute bertako gazteek. Halloween fest izenpean, Elein (Bilbo), Laia (Gipuzkoa), Daylight (Bartzelona) eta Marvin (Iruña) taldeek, musikaz beteko dute aurtengo sorgin-gaua.

Sarrera 5 eurotan jarri dute antolatzaileek, baina mozorrotuta joaten denari 3 euro bakarrik kobratuko zaizkio, bertaratutakoen artean festa girotzeko.

Kontzertuak, deustuko gazte lokalean ospatuko dira, urriak 31 ostiralean (Halloween gaua, nola ez) arratsaldeko 19:00etatik aurrera.


Laburbilduz, ostiral hontarako planik ez baduzu, lau pop-punk talde izango dituzu deustuko gazte lokalean festa girotzeko prest, beraz, jantzi ezazu zure mozorroa eta joan zaitez Halloween Festera sorgin-gaua bikain bat ospatzera.

sábado, 25 de octubre de 2008

Raizdx, gaur 21:00tan Leize Gorrian

Larunbat gauerako beste plan bikaina dugu.
Donostiko Leize Gorria pub iraultzailean Raizdx taldeko partaideek eskeiniko digute eurek ezinhobe jotzen duten Rock, Metal eta Grungez osatutako nahasketa.
Kontzetua gaueko 21:00ak aldera hasiko da eta sarrera, noski, dohan izango da.

Raizdx, Raul (ahotsak) Iker (Kitarra) Beñat (Baxua) eta Guido (Bateria) osatzen dute; nahiz eta gaur gauekoa Beñaten azken kontzertuetako bat izango da, taldea baxujole berria bilatzen ari bait da. Laukote honen estilo eklektikoak jarraitzaile asko lortu ditu batez ere donostialdean eta euren kontzertuak festa handiak izaten dira.
Deftones, Tomahawk, The mars volta, Faith no more, Rage against the machine, Metallica, Mike Patton, Pearl Jam edota Nirvana izan dira Raizdxen soinuan eragin gehien izan duten taldeak.
Laukotearen bi disketako abestiren batzuk, honako link honetan lortu ditzazkezu http://www.raizdx.net/

Beraz, ez ahaztu, gaur gauean festa bikaina izango duzula dohainik donostiko Leize Gorrian eta animatu zaitez buruarekin gora eta beherako etengabeko mugimendua egitera.

miércoles, 22 de octubre de 2008

413 - Reschith (2008)


EP labur hau entzun eta gero, bakoitzak galdetuko dio bere buruari: Zenbat musikari izkutatzen dira 413 zenbakiaren izenpean?
Lau? Bost? Ez. Oker egongo ginateke seguraski, pertsona bakarra dagoelako EP honen ekoizpenaren atzean; hori bai, laguntza pixkatekin ahotsei dagokienez.

David Pisabarro donostiarraren lehen lana dugu Reschith hau. Berak bakarrik grabatutakoa, nahastutakoa eta ekoiztutakoa. Urko Eizmendi (Krilin) abeslariaren kolaborazioa izan du ahotsetan eta diska honen lehendabiziko abestian baita Lara Berra andoaindarraren laguntza ere.
5 abestiz osaturiko lan honen muina baxu elektriko bat da, aldizka bateria sampleatu batek lagunduta edota soinu elektronikoz beteta. Ez dago, ez kitarra, ez bateria errealik; soilik baxua eta ahotsak dira benetakoak.

Daviden musikak kusu experimental handia dauka, nahiz eta metal ukitu berezia duen modu berean. Hala ere melodiak garrantzizko presentzia irabazten du diska honen pasarte askotan, bereziki Urkok abestutako pasarteetan, non koloretasuna une batetik bestera ahots urratu batekin moztu daitekeen.
Oro har, donostiar honen lana txalotzeko modukoa da. Ikus dezagun hemendik gutxira bitxi berriren bat oparitzen digun, ordurarte, Reschithekin gozatu beharko dugu.

Lan hau deskargatu dezakezu hurrengo link honetan: Click hemen
CD fisikoa lortu nahi baduzu, donostiko taberna eta denda hauetan aurkituko duzu dohan: Donosti Rock, Eiger taberna, Bukowski taberna, MAD taberna (momentuz bukatu dira), Iguana taberna (momentuz bukatu dira) eta DOKA antzokia (momentuz bukatu dira).

sábado, 18 de octubre de 2008

Ordiziarrok 5. jaialdia gaur bukatzen da


Urtero errepikatzen den Ordiziarrock jaialdiak gaur gauean itzaliko ditu bafle eta fokoak; baina hori gertatu baino lehen antolatzaileek rock estilo ezberdineko talde askoren musika eskeiniko digute larunbat gauaz gozatzeko.

Gaurko kontzertuak, Disturbio, Cordura, Nunbait eta Anestesia taldeen eskutik, 22.30etatik aurrera. Arratsaldean berriz, 16.00etatik 20.00etara skate lehiaketa ospatuko da Ordiziako frontoian (izan ere, jaialdi honen muina ez da rock musika soilik, baita lau-gurpildun kirol hau ere).
Kontzertuen ostean, jaialdia DJ Falleren eskutik jarraituko du.

Jaialdi hau 2004. urtean ospatu zen lehen aldiz eta betidanik izan ditu musika (rock, metal, hardcore...) eta skatea ardatz nagusi bezala.
Urtero giro ezinhobea lortzen da eta partehartze handia, beraz, sofatik jaiki zaitez eta martxa emaiozu larunbat arratsaldeari aurtengo skate lehiaketarekin eta geroxeago goza itzazu talde lokalen kontzertuak.

Mandragora Negra (20:30tan MAD tabernan)

Gaurko planik gabe?
Donosti ingurukoa bazara, gaur gauean aukera paregabea duzu ondo pasatzeko eta bitartean musika pixkatekin gozatzeko. Heavy metala gustoko?
20.30tatik aurrera, donostiako MAD tabernan (larramendi kalea) Mandragora Negra talde irundarra arituko da heavy metal indartsu eta epikoa jotzen.

Laukote honen ibilaldia luzea izan da, taldekideen arteko aldaketa askorekin. Momentu honetan, Moises (Ahotsa, kitarra, tekladua) Leire (Baxua) Igor (Bateria) eta Unai (Kitarra) dira taldea osatzen duten gazteak.
Ihaz, Sonitus elkartearen 1.go errekopilaziorako "Tocando el cielo" izeneko abestia grabatu zuten eta aurten abesti berri bat grabatzeko asmoa dute elkartearen hurrengo errekopilaziorako.

Beraz, Heavy metal klasikoa maite baduzu eta gaur gauean beste kontzerturen batera joateko planik ez baduzu, hurbildu zaitez donostiako MAD tabernara eta gozatu Mandragora Negrarekin

viernes, 17 de octubre de 2008

Ingurura begiratu

Astebururo, kalera atera, betiko taberna berdinetan betikoa edan eta betiko planak behin eta berriz errepikatu. Askotan galdetu diezu lagunei: Zerbait berririk egin dezakegu gaur gauean?
Erantzuna ezezkoa bada, blog honek gordetzen duena ez du zuretzako interes handirik izango.
Baina ez, hau ez da festak antolatzeko aholkuen blog bat; musikari buruz arituko gara hemen, euskal inguruetako talde eta musikariei buruz konkretuki.
Hala ere, hemen ez duzu aurkituko Benito Lertxundiren diska berriari buruzko iruzkinik edota hurrengo asteko txistulari saio baterako abisurik, ezta La Oreja de Van Gogh-en hurrengo kontzerturako sarrerak lortzeko zozketarik; blog honetan rock-aren inguruan aritzen diren talde gazteei buruz hitz egingo dugu, eta estilo honen inguruan luze hitz egin daiteke.
Orain badakizu, zure ingurura begiratu eta uste baino talde gehiago ikusiko dituzu, ea hemendik aurrera belarriak prest jartzen dituzun eta eszena txiki honi atetik sartzeko aukera ematen diozun.