domingo, 30 de noviembre de 2008

Punk-Rock eta Ska gaua Azkena aretoan

Berriz ere, atzerritik etorritako taldeek erakutsi zuten gure eszenan zeresanik badutela.
Atzo gauean, Less Than Jake eta Guttermouth amerikarrek kontzertu bikaina eskeini zuten Bilboko Azkena aretoan, ikus-entzule mordoaren aurrean.

Gaua Adrenalized donostiarrekin hasi zen. Euskal herriko hardore melodikoaren indarra islatzen du talde honek eta batez ere estilo honen ezaugarri nagusiak diren abiadura eta teknikotasuna dute arma moduan. Ekitaldi bikaina eskeini zuten, nahiz eta aurreko bi gauetako nekeak arrastaka eraman, baina publikoak ez zuen akatsik nabaritu.

Segidan Guttermouth kaliforniarrak hartu zuten lekukoa eta hasieratik erakutsi zituzten haien kartak. Ironiaz eta abesi satirikoez beteriko letrak, Marc abeslariaren dantza eta keinuetan sumatzen ziren, eta gutxi balitz, publikoarekin brometan pasa zuen ekitaldi osoa. Musika aldetik benetan azkar ibili ziren baina inongo hankasartzerik egin gabe, profesionaltasunez eta Punk-Rockak duen energia guztia eskeiniz.

Gaueko hamaikak pasata, Floridakoak agertu ziren publikoak "Less Than Jake! Less Than Jake!" ohiuka deitzen zituzten bitartean. Ziztu bizian "All my best friends are metalheads" abesti ospetsuarekin eman zioten hasiera kontzertuari eta Azkena aretoaren hormek dar-dar egin zuten. Aretoa benetan beteta zegoen (gauza nahiko erraza lokalaren dimentsioak kontuan hartuta), eta arnas hartzea zaila egiten zen momentu animatuenetan.

Benetan gau dibertigarria izan zen eta 90ko hamarkadako punk-rock eta skacore mitikoaren doinu asko entzuteko aukera izan zuten generoaren jarraitzaile sutsuek.
Garrantzitsua da honelako ekimenek arrakasta lortzea, gure eszena kolorez betetzen baitute.

No hay comentarios: